Hemen, Pirinioek haien azken arnasa botatzen dute, eztiki borobiltzen dira etzanik bukatzeko ozeanoaren aintzinean, berritz joan arte, pintxoz eta txakoliz aseturik, Picos de Europa eta Kantauriko mendietaraino. Hiru kulturen eta bi munduen arteko interfaze, Euskal Herria kontraste lurra da eta hainbat gauzek bi alde erakusten dituzte. Mendi erakarle baten gibelean usu isurki zorabiagarri bat gordetzen da. Uhainen urdin-marroia muinoen euri berdearen bizikide da. Paleta hori, Euskal bizimoldearen gatza (Baionakoa!) da, ematen dio bisitari bakoitzaren etorrerari piperra (Ezpeletakoa!)
Hotspot
Landesetako eta Euskal Herriko itsasbazterra biziki modan den norakoa da, udatiarren orratz harria, surfalari edo festayres-lari. Hori dela eta, gainpopulazioa eta auto jario ezinago txarra jasaten du udan. Familian, batzuek onartuko duten bitartean, oihal hegalaria bere aldetik joan eta hegal azpitik hori dena begiratzen egonen da. Ez da mendi garaietaraino igo beharrik hegalaldi polit batetaz gozatzeko : euskal baserrialdean toki atseden parrasta bada, batzuk itsasoari begira eta hegalaldi aukera aski onekin, nahiz eta baldintzak ahulak izan gehienetan. Ttipia biribilikatzen eta gaingehiagoka ahanzten ikasi behar da hemen.
Itsasbazterrean
Gainetik ikusita, oraindik gehiago ageri da eskualdea azkarki hiritartu dela : begirada pausatzen den toki bakotxean, etxe bat hazi da. Itsasbazterrean, betoiketa eta erosioak soaring guneak desagertarazi dituzte. Bukatu da oihal hegalak hondartzetatik Biarritzeko hiriguneraino hegal joaten ahal ziren garaia. Bukatu da ere, Bidarte inguruko hondartzen garaia, auzoko jauntto batek bere etxearen aintzinean hegalen bista ezin jasan izanik. Hortik ez urrun, Landesetan, Labenne eta Capbreton-eko dunen gainean hegal egiteko debekua teoriatik pratikara pasa da. Donibane Lohitzunen lur pribatu ttipi bat baizik ez da gelditzen eta Orioko malda, hegalaldi gune itzela, mugatik 20kmtara; (momentuz) hauskorra ez den bakarra. Landesetako hondartza desertuetan, hegal egitea ere posible da, baina jakin ezazue edonon, PP 440-an azaltzen ginuen bezala, dunaren zapaltzea debekatua dela eta ixuna ordaintzen dela; hemen bereziki hondartzen higadura areagotzen baitu. Landesetako hondartzetako herrizain batzuek, iluntzean edo sasoiaz kanpo onartzen dituzte oihal hegalak, dunaren gainean oin behatz bat ere ez pausatuz eta hori frogatu ahal izanez gero… kuraia on ! Barnekaldera joz, mendi giroa nagusitzen da emeki emeki.
Biarnoko mugan eta ondotik Accous-erantz, itsasbazterretik 100 km.tara, berriz ere aran sakon, haize zuri eta harri punta zorrotzak agertzen zaizkigu.
Hegoaldea
Bidasoa zeharka ezazue Hendaian eta segidan ohartuko zarete herriz aldatzen zaretela.
Hegoaldeko erritmoa, tanpez nagusitzen da. Eguraldiak ez du zer ikusirik Andaluziakoarekin, alta hemen ere, berant egoten da jendea arratsetan kanpoan, gauaren erdian xutik jaten da ostatuetan eta fite eta ozenki mintzatzen da. Oihal hegalaren mundua sotil gelditzen da, zale multzo ttipiekin, gune barreiatu eta Smaap simulagailu bat duen eskola batekin.
Itsasondoko labar kilometroek, soaring-ak eskaintzen dituzte maiz. Bada ere gune bat Donostiko erdigunean, hegal eginez Oriotik lot daitekena, Kontxako badia zeharkatuz.
Bilbo, beste hiri nagusiak, baditu Euskotrenez errexki joateko, bi gune handi. Sopelana, Ozeanoari begira eta Orduña. Bertakoek diotenez, peninsulako termodinamikorik onena da bere 600 m altuerako eta 20 km luzerako harresiarekin.
Pirinioetako hego isurkiek, iparrean baino isurki altu eta zabalagoak eskaintzen dituzte. Aranak sakonak dira, mendiak oihantsuak, eta sare elektrikoak denetan daude. Halere mendigune ederrak aurki daitezke, hegalaldietarako aproposak, ala nola Aralar eta Aikorri. Piloto espainolek hegalaldi-ibilaldi-apairua egiten dute : sarrerak ez dira baitezpada nabariak, baina bada beti, edozein ordutan eta aski merke, hor inguruko jatetxe batean jateko aukera, behien inguruan.
Hegoaldeko aerologian, hezetasunaz kargatutako ipar haizea nagusitzen da. Ondorioz, hegalaldiak herriaren beste xokoetan baino goxoagoak izan ohi dira, horri esker, urte osoan edozein ordutan hegal egin daiteke, baina hodei estalkia ozeanotik urbildu ahala beitituko da (1000m. etatik 1800 m. etara). Hurbiltasun honek, itsas haizearen eragina dakar berekin. Horrek hegalaldi batzuk eragozten ahal ditu arratsaldean, edota baldintza klimatikoak deusezta ditzazke hortik hamarka kilometrotara.Gero eta gehiago present izanez ere, hego haizea ez da baitezpada bareagoa edo baliagarriagoa izaten hemen Iparraldeari konparatuz. Mendikatearen puntan kokatzen garela eta, usu azkarragoa da. Urrun barnekaldean, Aragoian (Hecho, Belagua, Blancas) eta Pirinioetako goi mendiguneetako haizeen peraino, joaten dira orduan piloto motibatuak. Eskualde honetan barreiatutako baliza anitz segi daitezke zuzenean www.euskalmet.euskadi.eus webgunean (Profesional/datos de estaciones /lecturas detalladas) edo Android pean den Tolomet aplikazioarekin.
Ongi prestatu zuen roadbook-a bertan, zuen bidean diren hirien izenak buruz ikasiz, euskaraz eta gazteleraz, baita segitu beharreko bideen zenbakiak ere.
Iparraldea
Toki anitzek, mendi eta itsaso bista liluragarria eskaintzen dute. Urrundik jendetsuena den gunea, hogeita hamar bat hegal depasatu gabe halere, Heletako herriaren ondoan kokatzen da, itsasaldetik 30 kilometrotara. Wagoidun traktoreak badu hortan zerikusirik: Attero ostatutik tontorreraino eramaten du 5,5 euroren truke, 30 minututan. Igoera errexki egiten da oinez, ordu bat eta laurdenez, Hegaldaka-k baliatzen duen eskola maldatik pasatuz. Azken hau da iparraldeko eskola bakarra eta Flyfat hegalen entsaio gunea. Baigura mendiko pilotoen talde ttipia, Haize Hegoa-ren kide da. Haien webgunean aurki daitezke web kamara bat eta eskualde osorako erreferentzia den eguraldi baliza bat. Edonondik izanda ere, beti eginen zaizu hemen harrera ona eta gainean, xai gorri, perknoptero eta miruek gidatuko zaituzte.
Iparraldeko eguraldiak, ozeanoaren eragina baita Pirinioen eta espaniar ordokien urbiltasuna jasaten du. Euskal Herria, jario guzien konbergentzia gunea da, errexki zeharka daiteken ibarra izanez Pirinioen eta Kantauri mendien artean. Ondorioz, euri ainitz egiten du hemen, baina orokortasunak egiten ekiditzeko, uda batzuk ustelak badira ere beste batzuk arras idorrak izaten dira, denak 2015 etik landa (ez ditu horrek haize baldintza eta hodei estalki onagoak erakartzen). Negu batzuk Foehn-az haizatuak izan daitezke, beste batzuk euriz blai. Urtaro guziak egun batean gurutzatzearena leienda baino gehiago da, horregatik agian, eguraldi estazioek zaitasunak dituzte agertze fidagarrien egiteko epe ertainean, eta ikusiko duzue, Baiguran, 5 orientatze « deko » ezberdin balia daitezkela egun batean.
Maiz, Euskal Herriko aerologiak baldintza apalak eskaintzen dituen arren baldintza horiek urte guzian present dira. Distantziako hegalaldia mereizten da, igokariak hertsi eta bekanak baitira. Hegotik datorren Foehn idor eta azkarra, usu aurkitzen dugu : Haize Hegoa ; baina ez du hegaldatzen eragozten apal badirau. Orduan, eskain ditzazke hodei estalki gorenak, 3000 m. inguruan. Aranetako haize zuriak ez dira biziki markatuak, meteo haizea da izatekotz, usu azpi geruzetan kanalizatua dena. Hobe da begi bat atxikitzea itsaso urbilari buruz. Mendebaldeko sartzeen aintzin seinaleak ez dira beti ikusten (begira ezazue uraren kolorea, agerian bada), baina sartze horiek ez dira egunero sortzen ere ez ! Itsas sartze baten nebulositateak, Baigura eta itsasoaren arteko bidearen erdia egiten badu ordu erdi baino guttiagoz, segidan lurreratzea komeni da. Bere aintzinamendua motelagoa bada, ez da baitezpada kaltegarria, edo itsas haize zuria izan daiteke. Halakotan, ikusten dira bi oinarrietako kumulus ttipiak. Biziki hodeitsua den aire fresko eta hezeak, aire beroa aireratzen du frente ttipi hotz horren bidean, orduan, igotze horiek balia daitezke, frente hori barnekalderarte surfatuz. Baina kasu, haize zuri hori azkarra izaten ahal da.
Enbata
Jasandako itsas sartze bat bada, tokiko fenomenorik lanjerosenetarikoa dena. Herrien arabera, Enbata edo Brouillarta deitutako galerna mota bat da hau. Stratus atzaparrek urratzen dutenean Jaizkibel mendia, Hendaiatik at, batzuetan 100 kilometro orduko baino gehiagoko haizeen eta tenperaturen beherakada azkarraren (12°C minutu batzutan) seinalea da. Ez da baitezpada fenomenoa ongi aintzin ikusten, baina usu Maiatza eta Iraila bitarteko arratsalde bukaeran gertatzen da ; haizerik guttiko eta goikoan hego haizeska duen egun biziki bero bat edo biren ostean. Euria aintzinikusten bada egun biziki pisu baten ondotik, experientziaz, Enbata frentea dator maiz. Lohitzun barometrikoari lotua den Enbata tipikoak ordea, haizea eta behe lainoak baizik ez ditu erakartzen.
Dentsitate jario bat da hau, aire fresko eta heze bat lasterka abiatzen da, foehn-ak idortu eta berotutako Euskal Herriko presio apaletarantz. Mendebaldetik datorren itsasoko aire masa, hegoruntz bere ibilbidea blokatzen duten Kantauriko mendien kontra atxikia da, Coriolis indarraren bidez. Gradiente emendaketa baten bidez, behartua da isobarrei begira perpendikularki ihes egitea, Biarno barnekaldean murrizteko. Bataz bestean, bost Enbata izaten dira urtean. Horietarik bat, biziki azkarra izaten da eta hiru, frentez egiten dira ; horien artean bat markatua izaten da.
Orokorki, itsas sartzeen seinale aintzindariak gutti ageri dira barnekaldetik edo aranetatik. Isasoari begira bista bat ukanez, kontinente gisako zerbait irakur dezakegu zerumugaren gainetik. Bestela, Baigura balizea entzutea salbagarri izaten ahal da. Hegoaldean, pixkat Donostiaren Hego Mendebaldean, Ernio tontorraren gainean den baliza batek,142.125 Mhz-en emititzen du. Dudan, interneten, espainiar itsasbazterreko eguraldi balizak kontsultatzen ahal dira hegal egin aintzin : Enbata aintzinikusia izanen da Santander-en, Biarritzera iritsi baino 3 ordu aintzin. Kasu, beste mendebaldeko sartze ertainentzat ez dut beti honela obserbatu izan.
Historiaz beteriko mendi bat
Heltze/sartze erraztasuneko morfologia batek lagundurik, proto-euskaldunek, goiz kolonizatu dituzte inguruko mendiak ; trikuharri, dolmen eta harresi anitz dira horren lekuko. Mendiko paisaiak dakar, oihanen parte handi bat larrez bihurtu dituzten gizakien izenpedura. Segitzen dute moztuak edota erreak izaten udaberriro, ardi eta pottoken multzoen errezibitzeko ; xorikumeak arroltzetik ateratzen diren unean.
Euskal Herriko mendietan, beti norbaiten etxean garela xuxurlatzen da. Bixtan dena, larre edo belar goretan lurreratzea debekatua da, baina iratzeak ere ekidin beharko dira; nahiz eta pozointsuak diren, lastoarentzat (gari eskasez), hemen inaurkina egiteko biltzen dira. Sindikatu batzordeek dituzte, euskal mendiko ezadostasunak kudeatzen. Guri begira loguneen eta urasken ondoko hegalaldien inguruko arrangurak badira. Jenatuak diren abereek, ihes egiten dute eta urik ez dute edaten egun guzian. Horren ondorioz oihal hegalei debekatua izan da Beltxuko gunea, bortuen garaian ; eta badirudi ez dela kanporatu behar, beste lurralde batzuetan erabaki hau hartua izatea.
Itsasaldetik urbil den mendebaldeko Soaring bakarra, galdua izan da aurten. Azpimarratzekoa da gune gehienak ez direla betirakoak ez eta ofizialak. Bakotxari da kasu egitea « erregulazio arau » horiek ez dezatela justifikaziorik atxeman. Udazkenean, uxoaren ehizak okupatzen ditu mendi xoko batzuk, ez duda, joan zaitezte giroa sentitzera ehiza etxoletan edo ostatuetan pasatuz. Auto partekatzea prefosta nahiago izan, zuen impaktea murrizteko eta aparkaleku bakanak ez okupatzeko. Oraindik hobekio, euskal mendiek haien lehen izerdiak eskaintzen dien Xpyr lasterkariak bezala, oinez igo, herrialdeaz oraindik gehiago gozatuko duzue. Ikus arte !
Motore hegalaldia
Motorez hegal egiteko asmoa dutenentzat, Euskal Herriak, erliebe anitza eskaintzen du ordoki, mendi eta behemendien artean. Hondartzen gainean hegal egiteko, pixkat iparralderuntz jo beharko da, Landesetara buruz. Urruna eta Donibane Lohitzunen artean, euskal erlaitzaren gainean hegal eginez, sedimentazio geruzak emeki-emeki ozeanoan sartzen ikus daitezke. Horretarako, DAC-ekin hitzarmena duen Paramoteur 64 eskolarekin harremanetan sartu behar da, gunea eremu babestuan kokatua baita, Biarritz-eko eta Hondarrabiko CTR en artean (azken horietan sartzen da Jaizkibel eta Hiru erregeen mahaien mendi multzoa). Paramoteur 64 egiturak, itsas haize zuritik aldendua den lur eremu bat badu ere Aturri ertzean, hortik, bereziki udazkeneko koloreez apaintzen direlarik politak diren Landesetako oihan eta pentzeen gainetik ibiltzen ahal da.
Hegoaldean, itsasoan botatzen den Flysch famatu horren gainetik hegal egitea posible da, Zumaiako hondartzan bukatzen den itsasbazterreko hegalaldi liluragarri batean (egingarria da ere oihal hegalez). Jendea trufatzen da noiztenka iberiar araudiaz, pentsatzen baita laxoagoa dela, baina errealitatean ez da hala. Paisai aldaketan murgildurik, kasu egin ez edozein gauza egitea, baserritar bero edota guardia zibil batekin ez bada topatu nahi.